XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ITSASKI I
HAURRAK dio xoriak eztirela sekulan hiltzen, eztituela
sekulan ikusi zerutik erortzen.
Itsashegian datza antxeta ñabarra. Haurrak dakusa
eta hartzen eta berotzen du besoen artean. Bainan
xoriaren lepoa gibelera erori dilindan, dilin dan, di lin
dan.
Haurrak xoriaren xango palmatu hotxa haztatzen du
polliki, polliki.
Orain, xoriaren gorputza legarrean pausatzen ari da,
kasu eginez, haizeak mugiarazten dituen luma ñabarrak
ahal bezein ongi apainduz. Bainan ezin du. Haizea.
Haurra ixilik dago, pentsaketa. Iduri betidanik eta
sekulakotz.
Nik horrelaxe ikusi nuen, belauniko. Belauniko,
otoitzean ari balitz bezala, antxetaren gorputz gaixoa
gerizatu nahi izan balu bezala heriotzatik at.
Haizea freskatzen hasten, Jaizkibeleko bizkar luzea
lano ilun batzuek ari dute estaltzen. Haurrak eztu nahi,
ez, xoria itsashegian utzi. Eta ikusi gero, bihar, etzi,
ekaitzak ekarri plastikozko botoila eta abar xehatuen
artean usteldua, jana, joana.